
Lierni Elortza
Besta-ondoko sentsazioa ezin kendua edo kendu nahi ezta, zer esan finalaz? Han zegoenak egin zezakeen onena egin zuen finala bizi! Ez zenari aukera badenez entzun dezan proposatuko nioke, giroa ezin da berbizi baina bertsoekin goza dezake.
Bertsolariak -beldurra-zoriona, sufritu-gozatu dena nahasian- beti emozio eragile izan ziren beste behin ere. Buruz ikastea edo kantu bihurtzea merezi duten bertsoek, euskalkien doinuek -bereziki xubererak- utzitako marka gogoan… hasi eta azken uneraino une berezi asko; orain arte idatziz xapelketaren aztertzaile fin izan den Mixel Itzainak, larunbatean ahoz distira berezia atera zion xapelgoari eta Xapeldunari: zaila ere errexa dela igurikatzen duen Ametsi!… Erranak erran, ez naiz saioa aztertzen hasiko. Asebete ninduen giroak gain hartu eta objetibotasunetik urruntzeko joera izanen nukeelako eta gailurtxo horretan bizi izan nuena gorde nahi dudalako gerora, azaroaren 13ko egunaz.
Iritziak iritzi, bertsolaritzaren erakusleiho aparta da xapelketa: jarraitzaile askoren usteen konfirmazioa, beste batzuentzat bertsolari berriak ezagutzeko parada.Odeiren zuzentasuna, Xumairen finezia, berezitasunez betetako Joanesen bertsokera, Ekhiren freskura, Mirenen ahalen eta xuri-gunen nahasketa, Eneritzen gozotasuna, Sustrai eta Ametsen trebeziak, aspaldi ezagunak txapelketaz haratago ere. Ez baita aski behin ongi aritzea gero aldioroko jardunean, plaza txiki nahiz handian asmatu ezean. Orain xapelketarena pasatua jardun hauen garaia da.
Bukatu dira momentukoz asteroko antolakuntza, zuzendaritza, gai jartzaile eta epaileen bilkurak, bukatu astearteetako Larraldeko saioak? Ez! Stresa alde batera utzita, Elkartearen eta elkartzearen emaitzak agerikoak dira eta hor denok gara edota izan gaitezke partaide.
XXXak gogoan atxikiko ditugun arren laster ez dugu XILABA txapelketako berri jakiteko begiratuko. Eta XI-LA-BAk bizi bizirik dirautea gure esku dago. Bertsoa maite dugun DENON esku. Sustraik garbi erran zuen: auzolanean oinarritzen baita gure energia. Bakoitzaren urrats ttikienarekin handituko eta edertuko diogu bertsoari bidea. Eta bidean pusatzen badugu ez zaio ez harriari goroldiorik egingo, ez burdina herdoilduko.
Izan ere:
XORAGARRIA IZAN DA,
ez al du merezi? …
Atal honetakoa Berriak, Kronikak |